Hiria Alde Zaharra

Nola geratuko den Bretxa: azoka behean, Nasara goian eta baserritarrak plazaren ondoan

Betiko azoka beheko solairuan eta, gainean, prestakuntza eta sukaldaritza gunea. Erreforma azken fasean sartu da eta hiriak badaki zer aurkituko duen.

Urteak daramatzagu Bretxa hesien artean ikusten, zertan geratuko zen ondo jakin gabe. Kontatzeko moduan dago jada: behean betiko azoka, goian gune berri bat, eta, tartean, batak bestea elikatzeko ideia.

Beheko solairua: azoka

Kaleko solairua berriro izango da jendeak Bretxan sartzean bilatzen duena: hogeita sei denda eta baserritarren dozena bat postu, betiko azokako oinarrizko lanbideekin —arrandegia, harategia eta urdaitegia, loradenda, eta fruta eta barazkiak—.

Baserritarrak Bretxa plazatik eta Aldamar kaletik datozen sarreren ondoan jarriko dira, jende guztiak buruan duen lekuan, eta Fomento de San Sebastiánek hartuko du haien kudeaketa. Postu finkoak azarotik aurrera joango dira beheko solairu horretara.

Lehenengo solairua: Nasara

Azokaren gainean, Arrandegia eraikinean, Nasara dago. Izena *nasa*tik dator, kostalde honetan mendeetan erabili den arrantza saskitik, eta hori bera da tokiaren laburpena: gauzak bildu eta lotu.

Hiru hanka ditu: lanbideetako prestakuntza, jarduera eta esperientzia gastronomikoak eta azokan gertatzen denaren sustapena eta dibulgazioa. Barruan jatetxe bat dago, eskola ere badena, beheko postu finkoen eta baserritarren generoarekin lan egiten duena, eta laneratze programak, batez ere lana aurkitzeko zailtasun handienak dituztenentzat.

Nasararen obrak udan hasi ziren eta sei hilabeteko epea dute.

Zer dagoen eginda eta zer falta den

Arkoak eraikinaren fatxada —azoka Boulevardekin lotzen duena— 2025 amaieran bukatu zen. Arrandegian —esku-hartze handia— instalazioetan eta akaberetan lan egin da udan, eta plazatik datorren sarrera beiraztatu berria udaren amaierarako aurreikusita zegoen. Sotoa 2027rako geratzen da.

Udalaren aurreikuspena da erreforma osoa 2027an zehar amaituta egotea, azoka erabat martxan eta Nasara funtzionatzen.