Aisia Donostia Kultura Poesia Lehiaketa

Donostia Kulturaren poesia lehiaketak hamar edizio bete ditu: abenduaren 31ra arte dago epea

Mila euro, akuarela bat eta Balea Zuriak argitaratutako liburua, euskarazko 600 eta 1.000 bertso-lerro arteko poema-bilduma argitaragabe baten truke. 35 urte bete ez dituenak aurkez dezake, eta edizio honek baldintza berri bat gehitzen du: adimen artifizialarekin idatzitako ezer ez.

10. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren oinarriak argitaratu dira, Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxe donostiarrak 2018az geroztik elkarrekin antolatzen duten poesia sariarena. Euskarazko poema-bilduma bat aurkeztu behar da, eta epea 2026ko abenduaren 31n ixten da.

Ez da nahita mundu guztiari zabaldutako lehiaketa: hasten ari denari zuzenduta dago. Adin nagusikoa izan behar da eta ez 35 urte beteak izan lana entregatzeko unean —hori da balio duen data, ez epaiarena—, eta hortik ateratzen da aurreko bederatzi edizioetako izenen zerrenda, euskarazko poesia gaztearen nor da nor bat ia.

Zer aurkezten den

Poema-bilduma originala, bakarka idatzia, euskaraz, argitaragabea eta beste inongo lehiaketatan saritu gabea. Luzera: 600 eta 1.000 bertso-lerro artean. Gaia, errima eta neurria, libreak.

Edizio honetako berritasuna lehen oinarrian dago: parte hartzen duenak adimen artifizialeko tresnekin sortutako testurik ez bidaltzeko konpromisoa hartzen du. Baldintza horietakoren bat ez betetzeak kanpoan uzten du egilea, eta epaia jendaurrean eman ondoren jakiten bada, saria itzuli egin behar da.

Nola bidaltzen den

Dena posta elektronikoz, dkpoesialehiaketa@donostia.eus helbidera, eta bi dokumentu bereizitan:

  • Poema-bilduma PDF formatuan, izenburuarekin eta egiletza ezagutarazi dezakeen daturik gabe.
  • Bigarren dokumentu bat, obraren izenburuarekin eta egiletzaren datuekin: izen-abizenak, helbidea, telefonoa, posta elektronikoa eta NANaren fotokopia.

Saria

  • 1.000 euro.
  • Imanol Larrinaga margolariaren akuarela bat.
  • Liburua Balea Zurian argitaratzea, argitaletxeak ohi bezala ordaintzen dituen egile-eskubideekin. Liburua epaia eman eta lau-bost hilabetera ateratzen da, eta sariaren aipamena darama.
  • Poesia eta Pentsamendua errezitalean parte hartzeko gonbidapena, 2027ko ekainean.

Epaimahaia eta epaia

Epaimahaia Itxaro Bordak, Aritz Gorrotxategik eta Eli Tolaretxipik osatzen dute, eta Donostia Kulturak beteko du idazkaritza. Irabazlearen izena 2027ko martxoaren 12a baino lehen emango da jakitera, eta sari banaketa aste horretan bertan izango da. Lanik ez bada nahikoa kalitatekotzat jotzen, saria hutsik gera daiteke. Saritu gabeko originalak 15 egunez gordetzen dira banaketatik aurrera.

Bederatzi edizio, bederatzi liburu

Irabazle bakoitza Balea Zuriaren katalogora iristen da, beraz palmaresa osorik irakur daiteke:

  • 2026Honekin egin nahi duzuna, Itziar Agirre Sagaseta.
  • 2025Kuntzak eta kerak, Sara Uribe-Etxeberria Atxurra.
  • 2024Arkeologia haragitan, Beñat Arruti Irigoien.
  • 2023Postal bat desertuan, Julen Apella Santamaria.
  • 2022Hotza bazkatzen, Izaskun Igoa Jaimerena.
  • 2021Eskuan beti zerbait, Maialen Berasategi Catalán.
  • 2020Aro Beilegia, Lizar Begoña.
  • 2019Iraganaren izterrak, Gorka Salces.
  • 2018Azalberritze bat, Esti Martinez Diaz de Cerio.

Oinarri osoak Donostia Kulturaren PDFan daude, eta sariaren katalogoa, Balea Zuriaren webgunean.