Miguel Noguera: «Ultrashow»
Ideiak, burutazioak eta irudi mentalak, bata bestearen atzetik, proiekzioak eta inprobisazio asko dituen bakarrizketa komikoan.
«Ultrashow»-n, Miguel Noguera bakarrik ateratzen da agertokira, eta ideiak, burutazioak, irudi mentalak eta pentsamenduak botatzen ditu, bata bestearen atzetik eta ordenari garrantzi handirik eman gabe. Dena egunero egiten dituen ohar eta marrazkietatik dator, eta proiektatutako irudiekin laguntzen du: bere marrazkiak, interneten aurkitutako gauzak eta mugikorrarekin ateratako argazkiak.
Kontatu nahi dituenen izenburuak paper batean idatzita eramaten baditu ere, bat-bateko pasarteak eta ustekabeko dibagazioak dituen bakarrizketa da, hitzaldiaren eta antzezlanaren artean. Komikoa da, nahiz eta ideiek ez duten zertan komikoak izan, eta tonua sutsua izan daiteke, telepredikatzaile batena bezala, edo leuna eta informala, ikasle nerabe batena bezala.
Lana
- Generoa: umore bakarrizketa.
- Emanaldia: abenduaren 20a, igandea, 19:00etan.
- Iraupena: 90 minutu.
- Hizkuntza: gaztelania.