Morlanseko tunela asteazkenean, hilaren 16an, irekiko da, eta oinez ere igaro ahal izango da
Apirilaren 14an itxi zuten, lau hilabeterako, eta bost izan dira. Asteazkenean irekiko da berriro, hamazazpi urtez eskatzen zen horrekin: bidegorriak bere horretan jarraitzen du, eta alde bakoitzean oinezkoentzako espaloi bat dago orain.
Morlanseko tunela, Lugaritz eta Morlans lotzen dituen bidegorriarena, berriro irekiko da asteazken honetan, irailaren 16an. Eta ez da lehen bezala irekiko: orain arte bizikletentzat bakarrik zen, eta asteazkenetik aurrera oinez ere igaro ahal izango da.
Irekita dago jada. Udalak 17an baieztatu zuen tunela 16an ireki zela, aurreikusita zegoen bezala, eta 24 orduetan erabil daitekeela.
Zer aldatu den barruan
Tunelak 1,4 kilometroko luzera eta 4,20 metroko zabalera ditu. Obrak 2,2 metroko bidegorria bere lekuan utzi du, eta metro bateko bi espaloi eraiki ditu, alde bakoitzean bat. Gune bakoitza bere ikurrarekin seinaleztatuta dago, oinez doanak eta bizikletaz doanak jakin dezaten nondik joan behar duten.
Gainera:
- 35 kamera eta 20 bozgorailu, gangaren goialdetik zintzilik dagoen erretilu batean jarrita eta Udaltzaingoarekin lotuta.
- Hormak, beren geruza iragazgaitzarekin, ur-presioz garbitu dituzte.
Zer aurkituko duen zeharkatzen duenak
Kalapiek, Donostiako hiri-txirrindularien elkarteak, tunela ibili zuen berriro ireki ondoren, eta ikusitakoa argitaratu du. Zer espero jakiteko balio du:
- Espaloiak tunel barruan bakarrik daude. Lugaritzeko eta Morlanseko sarbideak, 100 metro ingurukoak bakoitza, eta tunel handiaren eta txikiaren arteko zeru zabaleko zatia, 200 metrokoa, espaloirik gabeko bidegorria dira oraindik. Oinez doanak 400 metro inguru egin behar ditu bizikleten errailetik.
- Barruan oinezkoen lehentasun seinaleak daude tunel osoan zehar, nahiz eta errail gorria eta espaloiak bereizita egon. Kalapieren ustez, txirrindulari askok ez dute jakingo beren errailean oinezkoak duela lehentasuna.
- Argiztapena ez da berritu, eta argi batzuk ez dabiltza; elkarteari esan ziotenez, aurrekonturik ez dagoelako. Mugikorreko estaldura berria ez dago oraindik martxan.
Elkarteak eskatzen du sarbideetako oinezkoen bidea ere egiteko, eta seinaleek lurrak dioen gauza bera esateko.
Zergatik ezin zen orain arte oinez joan
Tunela duela hamazazpi urte ireki zen bizikletentzat, eta ordutik eskatu da oinez ere erabili ahal izatea. Juantxo Marrero Proiektu eta Obretako zinegotziaren arabera, «pasabidearen estutasunak, bide-segurtasuneko balizko arazoek eta drainatze-sistema egokia mantentzeko beharrak txirrindularietara mugatzera behartu zuten erabilera». Orain posible egin duena, dioenez, istripurik egon ez izana da, eta alboetako hormigoia hormaraino zabaltzeko modu bat, drainatzea kaltetu gabe.
Aurreikusitakoa baino hilabete gehiago
Tunela apirilaren 14an itxi zuten, lau hilabeteko epearekin. Irailaren 16an ireki da; beraz, bost izan dira.
Iruzkinak
Iruzkinik ez
Oraindik ez dago iruzkinik. Han egon bazara, edo hurrengoari balioko dion zerbait badakizu, kontatu.
Iruzkina egin nahi duzu?
Iruzkinak egiteko kontu bat behar da, doakoa da eta minutu batean irekitzen da. Iruzkinak irakurtzeko, ez.