BU15 hilaren 21ean hasiko da: autobusa orduero Anoetatik Zubietara eta Eskuzaitzetara, asteburuetan ere bai
Zubietak ez zuen autobusik. Hilaren 21etik aurrera, asteko egun guztietan izango du: Zorroagatik aterako da, Anoetaren ondotik, eta Eskuzaitzetako industrialdera iritsiko da, Realaren instalazioetatik igarota.
Aldundiak uztailean iragarritako Lurraldebus linea badu data: BU15 lineak irailaren 21ean, astelehenean, hasiko du zerbitzua. Donostia Zubietarekin eta Eskuzaitzetako industrialdearekin lotuko du; orain arte ez zen autobusik iristen hiriko gune horretara.
Ordutegia
Egunero, astelehenetik igandera, autobus bat orduero:
- Donostiatik (Zorroaga): lehen irteera 5:30ean eta azkena 21:30ean.
- Eskuzaitzetatik: lehena 6:05ean eta azkena 22:05ean.
17 bidaia noranzko bakoitzean.
Ibilbidea
Zorroaga pasealekuan, Anoeta estadioaren ondoan, hasten da, eta geltoki hauek ditu:
- Zorroaga (Anoeta)
- Galarreta (Jauregi, 78), Hernanin
- Rekalde, Topoaren geltokiaren ondoan (Errekalde hiribidea)
- Bugati (Arrapide pasealekua)
- Real Sociedaden instalazioak, Zubietan
- Zubietako espetxea
- Eskuzaitzeta I (erdigunea)
Itzulerak ibilbide bera egingo du, alderantziz. Geltokiak loturak egiteko aukeratu dira: Anoetan Topoarekin, Rekalden Euskotrenekin eta Bugatin Lurraldebuseko beste linea batzuekin.
Norentzat
Aldundiak industrialdeko enpresekin eta elkarteekin adostu du linea, Eskuzaitzetan lan egiten dutenentzat —gero eta gehiago dira— eta espetxera joan behar dutenentzat, profesionalak zein familiak.
Baina bada hirian jende askori interesatzen zaion hirugarren talde bat: Real Sociedadeko zaleak. Zubietan jokatzen dute Sansek eta Realeko emakumezkoen taldeak, eta orain arte ez zegoen haien partidetara garraio publikoan iristerik.