Europako Kirol Astea: udal kiroldegiak doan zabalik egongo dira edonorentzat irailaren 21etik 25era
Europako Kirol Astea dela eta, Donostia Kirolak ordaindu gabe sartzen utziko du zuzenean kudeatzen dituen kirol zentroetan, astelehenetik ostiralera. Nahikoa da harreran sarrera eskatzea. Denboraldiko ikastaroak hasten diren aste berean da.
Aspaldi gimnasiora edo igerilekura itzultzeko asmoa duenak, edo txartela atera aurretik auzoko kiroldegia barrutik nolakoa den ikusi nahi duenak, aste bat du hori ordaindu gabe egiteko. Irailaren 21etik 25era, astelehenetik ostiralera, Donostia Kirolak zuzenean kudeatzen dituen kirol zentroak doan zabalduko dizkio edonori, Kirol Txartela izan ala ez.
Nola sartu
Ez da izenik eman behar: kiroldegira joan, harreran doako sarrera eskatu eta instalazioa erabili. Horrela egiten dio bat Udalak Europako Kirol Asteari, Europako Batzordearen kanpainari, aurten ere #BeActive lelopean: aste horretan mugitzea eta, ahal bada, urte osoan ere bai.
Larunbatean, 26an, jarduerak harpidedunentzat
Larunbatean, 26an, gainera, doako kirol jarduerak izango dira udal zentroetan, baina horiek, edukiera dela eta, Kirol Txartela dutenentzat gordeta daude. Izen-ematea astelehenean, 21ean, irekiko da, Donostia Kirolaren webgunean edo saio bakoitza ematen den kiroldegian bertan.
Eta ikastaroak hasten dira
Aste hori bat dator Kirol Ekintzak kanpainaren hasierarekin —denboraldiko udal ikastaroak—, astelehenean, 21ean, hasten baitira horiek ere. Izen-ematea kanpaina osoan egongo da zabalik, lekurik dagoen bitartean. Zenbait datu, zenbat jende mugitzen den ikusteko:
- Haurren igeriketa, hiru hilabeteko ikastaroetan, da eskatuena: 2.000 haur inguru hasiko dira orain.
- Helduen artean, jende gehien biltzen dutenak pilatesa, uretako gimnasia, ziklo indoorra eta total bodya dira.
- 65 urtetik gorako 1.200 pertsona baino gehiago hasiko dira aretoko edo igerilekuko gimnasiarekin, edo igeriketa ikastaroekin.
- Gazteen artean cross traininga, TRXa, circuit traininga eta total traininga dira arrakastatsuenak.
Ordutegi finko batera lotu ezin duenarentzat, Aukeran dago, saio solteetan izena emateko aukera ematen duena, data, ordua eta instalazioa aukeratuta.